Jolas bat lantzeko, alderdi hauek hartu behar dira kontuan:
Jolas horrekin lortu nahi diren helburuak zehaztea. Atal horretan, lortu nahi diren helburuak sartuko dira, helburutzat harturik haurren garapen osoa ahalbidetzea, plazerezko egoera dibertigarriak bizitzen dituzten bitartean.
Zer-nolako jolasa proposatu nahi den pentsatzea. Atal honetan, jolasaren ezaugarririk aipagarriena hartu behar da kontuan; horrela, lehiazkoa, lankidetzazkoa, rol-jolasa, etab. izango den erabaki beharko da.
Jolasari izena ematea. Horretarako, jolasaren edukiarekin zerikusia daukan izenen bat pentsatu behar da. Izenak egokia izan behar du jolasarekin berarekin erraz lotzeko.
Adina. Jolas bat lantzean, kontuan hartu behar da jokalarien adina; jolasak haurraren adinerako, hazkuntza-faserako eta eboluziorako egokia izan behar du. Jolasak ez du errazegia izan behar, haurrak ez lukeelako estimulaziorik izango, ez eta zailegia ere, nahastuta edo frustratuta sentituko litzatekeelako. Adibidez, ez da gomendagarria 3 urteko haurrekin taldekako jolas bat planteatzea, haur horien ezaugarri psikologikoak direla eta.
Partaide-kopurua. Jolaskideak beharrezkoak dira bizitzako ia etapa guztietan, baina lehenbizi zer helburu lortu behar diren hartu behar da kontuan, bakarkako, talde txikiko edo talde handiko jolasa egitea hobe den erabaki ahal izateko.
Bi urte eta erdi baino gutxiagoko haurren jolasean, heldu dinamizatzaileak funtsezkoak dira. Adin horretara bitartean, kide helduak (aita, ama, anaia edo arreba zaharrena, hezitzailea...) haur txikiari printzipio abstraktuak ulertzen lagun diezaioke, hala nola eskubideen berdintasuna, txandaka jokatzea edo partekatzea. Hiru urtetik aurrera, bere kidekoekin harremanak egiteko beharra handiagoa da eta haur gehienak gai dira harremanak finkatzeko, zentzu hertsian.
Jolasa egiteko kalkulatzen den denbora. Jarduera bakoitzerako egokia den denbora izango da. Jolasaldian, goizegi egindako etenak askotan frustrazio-iturri izaten dira. Bestalde, jolasa gehiegi luzatzeak nekea, asperdura, bakardadea eta ahaztuta egotearen sentsazioa eragin ditzake. Hori guztia nola edo ahala saihestu behar da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario