viernes, 31 de enero de 2014

Jostailua eta balioen transmisioa

Orain arte esan dugu jostailuak funtsezkoak direla balioak transmititzeko. Atal honetan, begi-bistakoenak diren bi kasuak aipatuko ditugu:

  -Jostailu belikoa

  -Jostailu sexista

Jostailu belikoa:

Arauen eremua:

       1982. urteaz geroztik, Europako Legebiltzarrak hainbat gomendio egin ditu jostailu belikoari dagokionez eta haren fabrikazioa amaitzeari dagokionez, batez ere armak edo indarkeria erabiltzeko beste objektu batzuk errealismo handiz imitatzen dituzten horiena.

       Jostailu belikoei buruzko ebazpenean,  adierazten du, ikerketa eta behaketa askoren bitartez ikusi denez, haurrak sortzetik duela jolasaren bitartez agresibitate-modu batzuk askatzeko beharra. Alabaina, horrek ez die erantzukizunik kentzen joera natural hori beren onurarako erabiltzen dutenei eta gerrako armak edo objektuak fabrikatzen dituztenei. Hala ere, legeriari dagokionez aitortzen den handicap handietako bat da gaur egun ezin dela debekatu jostailu horien fabrikazioa eta salmenta. Izan ere, interes ekonomiko handiak daude hor, beren produkzio ia guztia horrelako jostailuen fabrikazioan oinarritzen duten industria asko daudelako, batez ere.

       Europako nahiz Estatuko legeetan oso ondo jasota dago, hala ere, debekatuta dagoela adingabeei
benetako armen oso antzeko objektuak saltzea, “erreplika zehatz” deiturikoak. Gainera, horiek egoki erabiltzeko modua eta publizitatean dituzten mugak legerian zehaztuta daude, nahiz eta legeria hori ez den beti betetzen, batez ere Europako Batasunekoak ez diren herrialdeetako jostailuetan.

Laburbilduz, haurraren nortasuna bakearen asimilazioan eta ikaskuntzan garatzea da helburua.


Jostailu belikoa indarkeria eta agresibitatea bideratzeko tresna gisa:

       Zenbait argudio zientifikok eta uste zabalduk defendatzen dute jolas eta jostailu belikoek indarkeria eta agresibitatea bideratzeko balio dutela eta barne-energia horri ihesbide eraginkorra eskaintzen diotela, oldarkortasun naturala askatzeko katarsia, alegia.

Hala ere, haurrak jarduera ludikoetan sistematikoki aztertuta, eta jokabide horiek eta beren ondorioak sakonago aztertu nahian, kontsiderazio hauek egin genitzake:

                 -Ea benetan hain bistakoa ote den, jolas bortitz horrek eta jostailu belikoak erabiltzeak, beti eta modu unibokoan, haurren agresibitatea ezabatzen duela.

                 - Edo, aitzitik, ez ote duen areagotzen eta bultzatzen.

      Jolasaren bitartez agresibitatea askatzeari dagokionez, galdetu behar genuke ez ote genukeen emaitza berbera lortuko ariketa gogorra eta mugimenduak dakartzaten bestelako jolas batzuk eginez, eta belikoak ez diren jostailuak erabiliz; besteak beste, kirol-jolas guztiak, lasterketak eta kanpoan egiteko jolasak —pilotak, sokak, zabuak, eta abar erabiliz.


Jostailu belikorik ezean, beste elementu batzuk erabiltzen dituzte haurrek halakotzat:

       Haurrek jostailu belikoak eduki edo erabiltzeari eragozpenik jartzen ez dioten autoreek beste kontsiderazio bat argudiatzen dute haurrarengan erraz ikus daitekeen jokabide baten bidez:

             - Eskuan jostailu belikorik ezean, haurrak hatza bilakatuko du pistola, edo eraikuntza-materialak erabiliko ditu gerra-tramankulu bat osatzeko.


      Kontuan hartu behar dugu ez dela gauza bera hatza edo horretarako asmatutako objektuak erabiltzea eta jostailu belikoak erabiltzea; izan ere, jostailu horien bitartez helduak legitimatu egiten du horrelakoak erabiltzea; horiek erosten eta eskaintzen dituenean, haiekin jolastea egokia dela ari dira erakusten umeari. du. Haurrek sentiberatasuna galtzen dute arriskuen aurrean eta jokabide bortitzaren ondorio mingarrien aurrean. Ziur asko, haur gutxi batzuk besterik ez dira murgilduko bortizkeria gogorrean, baina askok sentiberatasuna galduko dute eta jokabide horiek barneratuko dituzte.

Jostailu belikoa eta indarkeriari buruzko balioak eta estereotipoak sortzea:

    Pentsa dezakegu jostailu-motak balio jakin batzuk eskuratzen eta indartzen ez ote duen laguntzen, eta ez ote dagoen arriskurik haurraren eskuetan jostailu belikoa izateak agresibitatea eta indarkeria bultzatu, sortu eta estereotipatzeko, jarduera ludiko horietako jokabide tipikoak indartzeko tresnak edo lanabesak erabili ahal izatean.

     Haurra, jolasean, gerra batean murgilduko da, arraza arteko borrokan, normalean. Eta berak duen guduaren ideia irudikatzearren, indarkeria fisikoa erabiliko du (kolpeak eman, jendea hil, buruak, besoak edo zangoak moztu) pertsonaia horien bitartez, baina, horrez gain, jokabide bortitz are arriskutsuagoa hartuko du: pertsonaiak oso modu sinplean banatuko ditu (onak eta gaiztoak), eta estereotipo sozial desitxuratuak aplikatuko dizkie.

     Ezinbestekoa da azpimarratzea haurrak heziketaren bidez edo eguneroko bizitzan ikusitakoaren bidez ikasten dituen jokabide-ereduak oinarritzat izango dituela gero, jarrera bat hartu behar duenean indarkeriaren aurrean edo gatazkak konpontzeko agresibitatea erabiltzearen aurrean.

Bideojoko belikoa:

   Gaur egun jolasaren bitartez egiten den indarkeria-adierazpen neurrigabeenetako bat aipatu behar da: bideojoko belikoa. Izan ere, gutxi dira bideokontsolarik edo ordenagailurik ezagutzen edo etxean ez duten haurrak. Etsaia hiltzea eta suntsitzea helburu duten joko bortitzetan ibiltzen dira, eta, horretarako, mota guztietako armak erabiltzen dituzte, baita hilketa masiboak eragitekoak ere, arma nuklearrak eta bakteriologikoak adibidez. Gehienetan gurasoek ez dutela jokoen edukia ezagutzen.

   Testuinguru honetan, legerian dagoen hutsunea aipa dezakegu; izan ere, araudiak ez ditu espezifikoki jostailutzat hartzen, eta, beraz, jostailuek bete beharreko babes-neurri guztietatik kanpo gelditzen dira.


Haur-hezitzailearen kontsiderazio batzuk:

   Argudio horiek guztiak gorabehera, garrantzitsua izango da helduen aldetik jostailu hau edo bestea erabat ez errefusatzea; heziketak pixkanakakoa eta eskolako eta familiako testuinguruekin bat datorrena izan behar du. Debeku zorrotzek kapritxoak eta jakin-min gaiztoa eragin ditzakete.

   Puntu hau bukatzeko esan dezakegu gaurko hezkuntza-sistemaren bidez ahalegin handia ari garela egiten jolas bortitza eta jostailu belikoak ezabatzeko. Bertan, denen integrazioaren, berdintasunaren eta desberdintasunen konpentsazioaren aldeko ideologia da nagusi, eta, horretarako, bere profesionalen laguntza eta inplikazioa dauka. Ahalegin handia da benetan; izan ere, nahiz eta indarkeriarik gabeko eremuak edukitzeko eta haurrak balio horietan hezteko sutsuki lan egin, haurraren inguruko mundua era askotakoa dela esan dezakegu, baina ez baketsua.



Jostailu sexista:

    Giza espezieak X eta Y kromosoma desberdintzaileak ditu, gizon gisa eta emakume gisa definitzen
dutenak. Hala ere, oinarrizko desberdintasun biologiko hori genero-desberdintasunera aldatu da, hainbat rol, estereotipo eta konnotazio sortu eta betikotu baitira, bereizketa eta bazterketa garbia egiten dutenak sexu maskulinoaren eta femeninoaren artean.

Jostailu sexista eta balioen transmisioa:

   Sexistatzat hartzen dira generoen arteko diskriminazioa betikotzera eta areagotzera daramatenak. Ikuspuntu horretatik, badirudi bistakoa dela jostailuak bizi garen mundu estereotipatuaren luzapena eta irudia direla.

   Ez da gehiegikeria esatea maiz sehaskako haurtxoari ere kutsu sexistako jostailuak oparitzen dizkiotela helduek. Mutikoek askoz jostailu beliko eta bortitzagoak jasoko dituzte, beti borrokarako prest dauden indartsuen eta agresiboen estereotipoa adierazten dutenak, eta neskatoak, berriz, esanekoak, erakargarriak eta etxekoandre onak izateko prestatuko dira.

   Horri dagokionez zalantzarik izatekotan, ez dago jostailuei buruz dauden era askotako katalogoak begiratzea besterik, eta ausaz hartutako edozein irudi adibide on bat izan daiteke.

   Testuinguru horretan, autore batzuek diote sexu bakoitzaren jostailu tipikoek sena bideratzen dutela,
baina oker daudela dirudi, aukeratzerik ez dagoenean, sena indartu ordez aukerak baztertzen baitira.

Jostailu sexistak eragina dauka garapen kognitiboan eta ikaskuntza sozialean:

    Arazoa honetan datza: mutikoen jostailu tipikoen eta neskatoen jostailu tipikoen bereizketa hori ez dela aseptikoa garapen kognitiboari eta ikaskuntza sozialari dagokienez.

    Aditu batzuen tesiaren arabera, mutilek txikitatik dituzten jostailu gehienak eraikitze-beharrei lotutakoak izateak —muntagarriak, pistak, lasterketa zirkuituak, lanabesak, etab.— ikaskuntza mekanikoa bultzatzen du, eta ezkerreko hemisferioko neurona-konexioak garatzen ditu.

Noiz hasten da haurra jostailu sexista jasotzen?

  Jolasaren eboluzioa eta rol sexista horiek hartzeko garaian jostailuak duen garrantzia aztertzean, autore batzuek behaketaren bidez egiaztatu dutenez, lehen urteetan neskek eta mutilek bereizketarik gabe hautatzen dituzte jostailuak. Horregatik esaten dute gizarteak deformatu gabeko adinean soilik duela haurrak edozein jostailu-mota aukeratzeko joera.

Jolas sinbolikoaren etapan sartzean, sexu bakoitzarentzat etorkizunean betetzea espero den rol horretarako joera garbia duten jostailuak erabiltzen hasten dira haurrak. Horrela, garai hau aurrera joan ahala, oso espezifikoak diren jostailuak agertzen dira, normalean nesken eta mutilen arteko bereizketa oso garbia egiten dutenak.

Heldu askori gehiegi gustatzen ez bazaie ere, mutiko txikiei utz dakieke mota guztietako jostailuekin jolasten, mutilenekin nahiz neskenekin, baina adin batera iritsita (kasu askotan, Lehen Hezkuntzan sartzean) badirudi sozialki ez dela onargarria mutikoa panpinekin edo sukaldetxoekin jolastea, eta, beraz, mutikoek uko egiten diote jostailu horiekin jolasteari edo ezkutuan jolasten dira.

Hala ere, kasu horretan, gizartea permisiboagoa da neskekin, eta badira gurasoak beren alabak mutikoen jostailuekin jolasten direlako harro daudenak, nahiz eta, hori bai, beraiek panpina erosi dioten.

Jostailu ez-sexistak:

Badaude, hala ere, halako desberdintasunik egiten ez duten jostailu batzuk, neskentzat nahiz muti- lentzat direnak. Hori oso itxaropentsua dela dirudi, baina arazoa da jostailu horiek ez direla hain esanguratsuak ez haurrentzat, ez gurasoentzat, eta, jostailu salduenen zerrendan begiratzen badugu, ez dira agertzen: puzzleak, pintatzeko jokoak, mozorroak, adierazpen-jokoak, hiztegia lantzekoak, imitaziozkoak, galderak eta erantzunak, txotxongiloak, kaseteak, etab.

Jostailu sexistari buruzko ondorio batzuk:

  - Jostailuak, egoki tratatzen bada, lagundu diezaieke gurasoei eta hezitzaileei sexismoaren aurkako borrokan. Horregatik, baliabide estimulatzaile garrantzitsutzat edo desberdintasunen berdintzailetzat baloratu behar dugu.

  -  Mutil bati eta neska bati jostailu desberdina eskaintzeak desberdintasun diferentziala eragin dezake maila kognitiboan, estrategia mekanikoak eta teknologikoak ikasteko garaian. Ikas- kuntza horrek desberdintasunak ekar ditzake gerora, eta, horien ondorioz, mutilek ikasketa jakin batzuk aukeratuko dituzte, eta neskek beste batzuk.

  - Jostailu sexisten ondorio sozialetako bat da rolak betikotzen eta hierarkizatzen dituztela. Maskulinoak botereari eta indarrari lotutakoak dira, eta balio handia ematen zaie; feme- ninoak, ahultasunari eta edertasunari lotuta daude, eta askoz balio eskasagoa ematen zaie.

  - Mutilek gehiago erabiltzen dituzte beren sexuari dagozkion jostailu tradizionalak, eta zuzenago eta zorrotzago, zigor soziala jasan baitezakete bestela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario