Garatzen duten alderdiari begiratzea da jolasak sailkatzeko beste modu bat. Alde horretatik, hauek bereiz ditzakegu: jolas psikomotorrak, jolas kognitiboak, jolas sozialak, jolas afektibo-emozionalak.
Jolas psikomotorrak
Jolas mota honi esker, haurrek beren burua esploratzen dute eta uneoro neurtzen dute egin dezaketena; halaber, beren ingurua aztertzen dute, beste haur batzuk eta objektuak aurkitzen dituzte, eta beren jolasetan
integratzen.
Jolas psikomotorretan, gorputza ezagutzeko jolasak, motorrak, sentsorialak eta baldintza fisikoari dagozkionak daude.
Gorputza ezagutzeko jolasek haurrak beren gorputz-atal guztiez jabetu daitezen balio dute.
Jolas motorrek gorputz-doikuntza, lateralitatea, oreka, kontrol tonikoa eta erlaxazioa eta espazioaren antolamendua garatzen laguntzen dute.
Jolas sentsorialek entzumen-, ikusmen-, ukimen, dastamen- eta usaimen-diskriminazioa lantzen dute batik bat.
Baldintza fisikoari dagozkion jolasek giharrak oro har indartzen laguntzen dute.
Jolas kognitiboak
Abstrakziora eta sormenera daraman pentsamendua garatzeko jolasak duen garrantzia azpimarratu dezakegu. Batik bat norbanakoaren garapen kognitiboan laguntzen duten hainbat jolas mota daude. Honako hauek ditugu, besteak beste:
Manipulazio-jolasak, eta horien artean dago eraikuntza-jolasa.
Esplorazio- edo aurkikuntza-jolasa.
Arreta- eta oroimenjolasak, irudimen-jolasak eta hizkuntza-jolasak dira.
Jolas sozialak
Taldean egiten diren jarduera ludiko gehienek haurrek beste haurrekin erlaziona daitezen bultzatzen dute; horrek beren sozializazioan eta talde sozialean onar daitezen laguntzen du. Horrela, jolas sinbolikoak, arautuak eta elkarlanekoak, beren barne-ezaugarriak direla eta, beharrezkoak dira haurraren sozializazio-prozesuan.
Jolas afektibo-emozionalak
Testuinguru terapeutikoetan egindako behaketek jolasaren eta garapen afektiboaren arteko erlazioa erakutsi dute. Rol-jokoek edo jolas dramatikoek haurrari egoera pertsonal jakin batzuk onartzen eta menderatzen lagun diezaiokete, edo bere desio inkontzienteak edo kontzienteak adierazten; era berean, gatazka jakin baten aurrean hainbat soluzio entseatzeko aukera ematen dute. Autoestimu-jolasek norbanakoari den bezalakoa izateaz pozik sentitzen eta bere burua onartzen laguntzen diote.
No hay comentarios:
Publicar un comentario